ADEL: ARTE DRAMA EUSKAL LABORATEGIA
2006an sortu zen ADEL, euskaraz lan egiten duten antzerkigile eta antzerkizaleek izan ditzaketen kezka eta beharrei erantzuten saiatzen den ekimena. Ander Lipusek azaldu digunez, ADELek dagoeneko forma propioa hartu du, eta horretan eragin handia izan du Aulestiko jendearen inplikazioak: “Horrek ematen dio zentzua egiten dugunari. Bi esparru jorratzen ditugu ADELen: batetik, formazioa ikasle eta irakasleen artean ematen da, eta horrek berezko ibilbidea du topagune gisa. Helburua irakasleek beren antzerkiarekiko ikuspegi estetiko eta teknikoak jendeari transmititzea da. Bestetik, herriari begira egiten diren ekitaldiak daude: ildo hau erakusleihoa bilakatu da euskarazko antzerki-lan txiki amateurrak eta profesionalak ikusteko”. Laborategi izaeran sakontzeko erronka dute gogoan ADELeko antolatzaileek etorkizunera begira; besteak beste, gai zehatz baten inguruan antolatzea egunak. “Hitz bat edo ‘espazioa eta aktorea’ bezalako gai bat hartu, eta ikastaroak horren inguruan antolatzea izan daiteke etorkizuneko erronketako bat”.
Comentarios
Publicar un comentario